Zer da Open Data?

Open Data herritarrek informazioa eta datuak eskuragarri izan ditzaten mundu mailan gero eta indar gehiago hartzen ari den ekimena da. Administrazioak dituen datu publikoak modu estandar eta berrerabilgarrian argitaratzean oinarritzen da, eta ondorioz, administrazioen gardentasunean eragiten du. Hori da Open Data Gobernu Ireki politikei zuzenean lotuta egotearen arrazoia, administrazioen gardentasuna ahalbidetzea, hain zuzen.

Argitaratzen diren datuek gordinik egon behar dute, ongi egituratuak eta formatu ezberdinetan, edozein pertsona edo enpresak kontsultatu, berrerabili, birbanatu edo balio erantsia duten zerbitzuak gara ditzan.

Datuen ezaugarriak:

Open Government Working Group-en arabera, hauek dira argitaratutako datuek bete behar dituzten ezaugarriak:

  • Publikoak: Izaera publikoko datuak.

  • Zehaztasuna: Datu gordin eta prozesatu gabeak, ahalik eta xehetasun maila handiena manten dezaten.

  • Eguneratuak: Argitaratutako datuen koherentzia, zehaztasuna eta gaurkotasuna bermatu behar da.

  • Irisgarriak: Ez du egon behar datuotarako sarrera murrizketarik.

  • Automatizatuak: Giza esku-hartzerik gabe, ordenagailuak prozesa ditzan egituratuak egon behar dute. Horretarako XML edo CSV moduko formatuak erabil daitezke.

  • Erregistro gabe: Aurrez erregistratu beharrik gabe eskuragarri egon behar dute.

  • Irekiak: Formatu estandarrak erabiltzea gomendatzen da, jabego gabeak eta erakunde edo erreminten jabetza menpekotasunik ez dutenak.

  • Askeak: Datuak eskubide, patente eta copyright-etatik aske egon behar dute, baita beste arau batzuen araberako pribatutasun, segurtasun eta abantaila murrizketarik gabe ere.

Helburuak:

Administrazioen gardentasuna ahalbidetzearekin batera, datuon berrerabilpena bultzatzea da Open Data filosofiaren helburu nagusiena. Datuak Open Data erara askatuta norbanako nahiz enpresek datu hauek edozein unetan eta edozein tokitatik eskuragarri izatea ahalbidetzen da. Modu honetan, datuak bere horretan kontsultatzeaz gainera, balio erantsia duten produktu eta zerbitzu digitalak garatu edota informazioaren ulergarritasuna errazten duten bistaratzeak sor ditzakete, besteak beste.